Cerrar
home-zinebileraEZB_2019_002EZB_2019_002EZB_2019_004Damaris 02_DSC2693JLT_gureitsasoa4-Rihanna_DSC4267

42. EUSKAL ZINE BILERA HASTEAR DAGO

14/11/19

Euskal zinemaren konbergentzia bilakatuko den jaialdia azaroaren 23tik 30era ospatuko da

Euskal Zine Bilera hasteko egun gutxi batzuk baino ez dira geratzen eta jada dena prest dago, edizio berri honetan ere, jaialdiak aurrerapauso handi bat eman dezan. Iazko eboluzioaren ondoren, aurten proiektuaren zutabeak indartzeko lanak egingo dira euskaraz egiten diren ikus-entzunezko lanen erakusleiho bilakatzen jarraitzeko. Gurea Euskal Herrian eta euskaraz egiten diren lanak azaleratzen dituen jaialdia da, nortasun sendoa erakutsiz.

Azaroaren 23tik 30era bitartean, Euskal Zine Bilerak bere hiru atalen barnean aurkitzen diren ekimenak martxan jarriko ditu:

BRANKA
Haizearekin batera aurrerantz doazen orainaldiko irudiak.

Atal honetan historikoa den lehiaketa aurkituko dugu. Euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da hau, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian. Aurten, 57 izan dira lehiaketara aurkeztu diren lanak eta horietatik 20 izan dira aukeratuak. Egindako esfortzua eskertzeko helburuarekin, azken hauen egileek 200 euroko saria jasoko dute lehiaketarako hautatuak izanagatik. Horretaz gain, sariak ematean zuzendaritza, gidoia eta film onenaren arloak ezberdindu dira, eta ikusleek ere haien puntuaketen bidez ikuslearen saria aukeratuko dute. 

Atal berberaren barnean, Euskaltzaleen Topaguneak bi urterik behin ematen den Benito Ansola Sariak 5. edizioa beteko du gazteei euskarazko ikus-entzunezko berriak ekoiztu ditzaten bidea zabalduz. Aurtengo deialdian aukeratutako hiru proiektuen pitching saioa egingo da, non sortzaileek beraien proiektuak defendatu beharko dituzte Amancay Gaztañaga eta Lara Izagirrek osatutako epaimahaiaren aurrean. Proiektu saridunak, lana aurrera eraman beharko du hurrengo urtean eta 43. EZBren edizioan aurkeztuko da.

(H)emen plataformarekin elkarlanean profesionalen III. topaketak antolatuko dira baita. Bertan, ikus entzunezkoen hainbat eremutan musika egiten duten emakumeen arteko mahaingurua antolatu da, “Ikus entzunezkoetako emakume musikagileak: olatu berria”. Lara Izagirre zinegile Zornotzarrak gidatuko du mahaingurua eta saio ireki eta parte hartzailea proposatuko da, bai sektoreko kideei zein edozein hartzaile motari zuzenduta. Ikus entzunezkoetarako musika konposatzen duten emakume gazteak elkarrizketatuko dira, beraien lanak eta esku artean dauzkaten proiektuak aztertu eta saioan parte hartzen dutenen galderak erantzunez.

Aurten, Euskaltzaindia eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin elkarlanean, ekimen berezi bi aurkeztuko dira jaialdian:

Euskal Zine Bilera jaialdia berezia bada, egiten duen hizkuntzaren lanketagatik da. Euskara da jaialdiaren erdigunea eta helburu horrekin bat egiten du Euskaltzaindiarekin, gure hizkuntzaz arduratzen den erakundea. Bien arteko elkarlanaren bidez, aurten `Euskaltzaindia: Egunak eta lanak´ izeneko dokumentala proiektatuko da eta, ondoren, Andres Urrutia euskaltzainburuarekin solasaldia izango dugu. Bernardo Atxagaren gidoia eta Fermin Etxegoienen zuzendaritzarekin, Euskaltzaindiak euskara nola jasotzen duen azalduko zaigu.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) arnasguneak indartu nahi ditu Arnasa Gara izeneko kanpainarekin eta, helburu horrekin, “Kartzela” izeneko serie digitala sortu dute. Kanpainaren elementu berritzailea izango da, ez baita sekula egin arnasguneei buruzko fikziozko lanik. BECen harrapatuta dauden sei lagun dira istorioaren protagonistak, arnasguneetako herritarrak dira guztiak. Pixkanaka topo egingo dute elkarrekin, eta eraikinetik nola atera pentsatzen hasiko dira. Horretan ari direla sortuko dira lehen galderak: zenbat egunez iraun beharko dute BEC barruan? Nola moldatuko dira hain izaera desberdina duten sei pertsona elkar ulertzeko? Kasualitatea izan ote da ala beraiek hor egoteko ezkutuko arrazoiren bat dago?

GANBARA
Hautsa kendu eta argirantz hurbildu ditugun iraganeko irudiak.

Euskal Zine Bilerak iraganera ere begirada botatzen du Atzo8 proiektuarekin eta, erronka honekin, «Zinemaren artisauak» ekimenak Euskadiko amateur zinemaren historia sortzea proposatzen du, horretarako filmak, zinemagileak, zineklubak eta jaialdiak berreskuratuta. Tokiko esparruetatik abiatuta, kulturaren, gizartearen eta politikaren arloan garrantzi handia izan arren oso gutxi aztertu den zinemako praktika horren mapa zehatza landuko da (Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia). Ikerlanean zehar bildutako informazioa Amateur Movie Database datu basean txertatuko da. Amateur zinemari buruzko datu basea mundu osoko erakundeen eta agiritegien lankidetzaz Ipar Amerikatik harago hedatzeko proiektuaren baitan, Euskadi aukeratu da, EQZEren bitartez, nazioarteko lehenengo ikerketa kasu gisa.

Era berean, Juanmi Gutierrez omenduko du aurtengo Euskal Zinemaren Begiradak. Errenteriarrak film labur eta dokumentalgintzan ekarpen oparoa egin dio euskal zinemagintzari, baita ikerketaren eta irakaskuntzaren alorretan ere. Hori dela eta, Lekeition aurkeztu eta sarituak izan ziren hiru film labur proiektatuko dira: Itxoiten (1982), Izeba Rosa (1984) eta Urbeltzak, Orosia (2003). Eta hori gutxi balitz, bere azken lana izan zena Lekeition estreinatuko da primizian: Denbora aldakorra (2019).

ZERUMUGA
Lehenengoz filmatutako etorkizunerako irudiak.

Zinemaren bidezko eta zinemaren beraren pedagogia ardatz duen programa pedagogikoa da Zoom. Lekeitioko ikas-komunitateen baitan zinemagintzaren ahalmen pedagogikoa landuko da lantegi, formakuntza saio, proiekzio eta gainontzeko ekimenen bitartez. Aurten Neska Banda (GirlHood) filma proiektatuko da, euskarazko azpitituluekin, Filmazpit ekimenarekin elkarlanean. Lekeitioko ikastetxeetako ikasleentzako emanaldia izango den arren, proiekzioa publikoa eta doakoa izango da gainontzeko publikoarentzat, aforoa bete arte.

Ezin dugu ahaztu ere, atala honen barnean aurkitzen den Kameratoia. Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean antolatutako gazteentzako euskarazko ikus-entzunezko rally-ak bere 15. edizioa ospatu zuen urrian. Sormenezko ariketa honetan, partehartzaileek ordu gutxi batzuk izan zituzten haien filmak egiteko. Guztira 9 lan aurkeztu zituzten giro apartaz gozatu zuen galan.

Gogoratu Euskal Zine Bilera azaroaren 23tik 30era bitartean ospatuko dugula Lekeitioko Ikusgarri zine aretoan. Egitaraua ezagutu eta jaialdiaren inguruko informazio gehiago eskuratzeko bisitatu zinebilera.eus webgunea!