Cerrar
Lehiaketa_42. Euskal Zine Bilera

42. EUSKAL ZINE BILERAKO LEHIAKETA ZABALIK

02/05/19

Lehiaketan izena emateko epea maiatzaren 2tik irailaren 30era bitartean egongo da zabalik.

Iaz 41 urte bete zituen Euskal Herrian eta euskaraz egiten den zine bileraren Lekeitioko jaialdiak. Berrikuntzaz betetako urte horretan, euskal ikus-entzunezkoaren iragana, orainaldia eta etorkizunak bat egiten zuten zine bileran, jaialdiaren norabidea mantenduz, baina bere zutabeak berriztuz. Aurten, iazko proiektua sendotzeko bideak hartuko dira, euskal zinemako profesional eta zaleak biltzeko gunea eraikiz.

Azaroaren 23tik 30era bitartean ospatuko den Euskal Zine Bilera gainera, urte osoan zehar luzatzen diren ekimenez inguratuta dago, jaialdiaz gain euskarazko ikus-entzunezkoen markoa urtean zehar hedatuz.

LEHIAKETA

Euskal Zine Bilera historikoki ezaguna bada, bere baitan hartzen duen lehiaketagatik da. Euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian. Iazko formatua mantenduz, aurten ere lehiaketa bateratua izango da, hau da, ez dira bereiziko lan profesional eta amateurrak. Hori horrela, zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak ezberdinduko dira. Eta gainera, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute ikuslearen sari bereziaren irabazlea.

Sari horiek ondorengo hauek izango dira:

  • Zuzendaritza onena 1.600,00 € eta Zilarrezko Antzarra.
  • Gidoi onena 1.600,00 € eta Zilarrezko Antzarra.
  • Film onena 1.900,00 € eta Urrezko Antzarra.
  • Ikusleen saria 750,00 € eta Zilarrezko Antzarra.

Lanak aurkezteko epea maiatzaren 2tik irailaren 30era bitartean mantenduko da zabalik eta bere oinarriak www.zinebilera.eus webgunean egongo dira eskuragarri.

Aurkezten diren lanen artean 20 izango dira aukeratuak lehiaketan parte hartzeko eta egindako lana eskertzeko helburuarekin, azken hauen egileek 200 euroko saria jasoko dute lehiaketarako hautatuak izanagatik.

Euskal Zine Bilerak aurrerapausoak ematen jarraituko du aurten ere, euskal ikus-entzunezkoen erreferente bilakatuz, eta horretarako noski, film sortzaile, artista eta zinegile guztien partaidetza oso garrantzitsua izango da, hori dela eta aurtengo edizioan ere parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.