Cerrar
_DSC5922_DSC5696_DSC5868_DSC5846_DSC5818_DSC5833_DSC5769

42. EUSKAL ZINE BILERAK BADITU BERE IRABAZLEAK!

30/11/19


Larunbat honetan astean zehar ikusi diren filmen irabazleak eman dira ezagutzera, horien artean, ikuslearen saria lekittarrek eraman dute.

20 film izan ziren lehiaketan sartzea lortu zutenak eta, azaroaren 25etik 28ra bitartean, lan horietako bakoitzak, ikusleen oroimenean denbora luzean egongo diren istorioak kontatu dizkigu Ikusgarri zinemaren pantailan. Hori bai, film guzti horien artean hiru izan dira gailendu direnak eta aurten Kepa Errasti, Lara Izagirre eta Igor Rezola izan dira saridunak erabakitzearen arduradunak. Esperientzia eta ikus-entzunezko sektorearen ikuspegi zabala duten epaileek erronka handia izan dute film laburren artean onenak aukeratzeko.

Film onenaren saria Izibene Oñederrak zuzendutako “Lursaguak” filmak eraman du. Milaka urteko kulturaren oinarri kontzeptuala birrintzen ari diren garaian bizi garela erakusten digun animaziozko filmak irabazi du 42. Euskal Zine Bileraren Urrezko Antzarra eta 1.900 euroko saria.

Zuzendaritza onenaren saria, berriz, Mikele Landaren “Heldu” filmak eraman du. Arraun egitean entzuten diren soinuetatik sortutako pentsamenduetan barneratzen den lanak 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra eraman du.

Gidoi onenaren saria, Josu Martinezen “Anti” lanarentzako izan da. Euskaraz hitz egitea debekatu dioten herri baten nortasuna goraipatzen duen kontakizunarentzat izan dira 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.

Era berean, bigarren urtez, Ikuslearen saria ere ezagutu da amaiera ekitaldian. Irabazlea Lekeition bertan geratu da. Izan ere, astean zehar emandako botoen bidez, Azkue ikastolako ikasleek eginiko “Ouija” filma izan da garaipena eraman duena. Haientzat Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria.

Euskal Zine Bilerak irabazleak ez ezik, partaide guztiak ere zoriondu nahi ditu, haien lanetan erakutsitako kalitate handiagatik. Eta ez hori bakarrik, egunez egun zinemara hurbildu diren ikusleei ere eskerrik beroenak eman nahi zaizkie antolakuntzatik, aurtengoa ikusle gehien izan dituen edizioetako bat bilakatzea lortu baitute.

Benito Ansola Saria Oier Fuentesen «Emisio etena» proiektuak eraman du

Euskaltzaleen Topaguneak bi urterik behin ematen duen Benito Ansola sariak 5. edizioa bete du gazteei euskarazko ikus-entzunezko berriak ekoiztu ditzaten bidea zabalduz. Aurten hiru proiektu aurreaukeratu dira, hauek epaile eta publikoaren aurrean aurkeztuz. Amancay Gaztañaga eta Lara Izagirrek osatutako epaimahaiak Oier Fuentesen proiektua aukeratu dute beka eman eta filma garatzeko laguntza eskainiz. Proiektu saridunak, lana aurrera eraman beharko du hurrengo urtean eta 43. EZBren edizioan aurkeztuko da.

Euskal Zinemaren Begiradak Juanmi Gutierrez zuzendariaren ibilbidea omendu du

Errenteriarrak film labur eta dokumentalgintzan ekarpen oparoa egin dio euskal zinemagintzari, baita ikerketaren eta irakaskuntzaren alorretan ere. Hori dela eta, Lekeition aurkeztu eta sarituak izan ziren hiru film labur proiektatu ziren: Itxoiten (1982), Izeba Rosa (1984) eta Urbeltzak, Orosia (2003). Eta hori gutxi balitz, bere azken lana izan zena Lekeition estreinatu da primizian: Denbora aldakorra (2019). Ibilbide hau omentzeko eta Juanmiren lana oroitzeko, Euskal Zinemaren Begirada eman zaio.

Ikus entzunezko emakume musikagileak

(H)EMEN plataformarekin elkarlanean, Profesionalen III. topaketa antolatu da Euskal Zine Bileraren azken egun honetan. Bertan, ikus entzunezkoen hainbat eremutan musika egiten duten emakumeen arteko mahaingurua egin da, “ikus entzunezko emakume musikagileak: olatu berria” izenpean. Iritziak elkarbanatu, egungo egoera aztertu eta etorkizunak emango dituen aukerak azaleratu dira topaketa honetan.

Guzti honekin, Euskal Zine Bilerak agur esaten dio bere 42. edizioari eta hurrengo urteko proiektuaren zutabeak lantzen hasten da, urte betez gehiago euskarazko zinemaz gozatzeko eta bizitzeko jaialdian aurrerapausoak emateko helburuarekin.