Cerrar
BA sariak

EUSKARAZKO IKUS-ENTZUNEZKOAK EKOIZTEKO BENITO ANSOLA SARIAN IZENA EMATEKO EPEA ZABALIK

17/06/19

V. edizio honetan ere ekoizle gazteen lanak bultzatzea bilatuko da, proiektu irabazleari 3.000 euroko saria emanez.

Benito Ansola sariak euskarazko ikus-entzunezkoen sorrera sustatzea bilatzen du, 18 eta 36 urte bitarteko gazteei bideratutako saria eskainiz eta haien lanak erakusleiho ezin hobean jarriz. Helburu honetan bat egin dute Euskaltzaleen Topaguneak, Lekeitioko Udalak eta Euskal Zine Bilerak, eta haien babesa eman nahi die sortzaile gazteei, euskarazko ikus-entzunezkoak ekoizten lagunduz.

Sari honen bitartez euskarazko zinema indartu eta ekoizle berrien profesionalizazioa bilatzen da, hori dela eta, 3.000 euroko sariaz gain, lan irabazlea Euskal Zine Bileran estreinatuko da.

Hainbat berrikuntza izango dira aurtengo edizioan

V. edizio honetan aurrerapausoak eman dira lanen aukeraketa prozesuan. Irabazlea ezagutu aurretik, hiru lan aurre-aukeratuko dira eta hauen egileek epaileen aurrean aurkeztu beharko dituzte haien proiektuak Lekeition ospatuko den Euskal Zine Bileran. Saritutako lana jaialdiaren itxiera ekitaldian jakinaraziko da eta 10 hilabeteko epea egongo da proiektua burutzeko.

Proiektuak aurkezteko azken eguna 2019ko irailaren 2a izango da. Horretarako lehiaketaren oinarrietan agertzen diren baldintzak bete beharko dituzte parte-hartzaileek eta aurkezten dituzten lanek.Lehiaketaren inguruko informazio gehiago edota oinarriak ezagutzeko sartu www.kameratoia.eus.