Cerrar
Kameratoia

Kameratoiak bere 15. edizioa ospatuko du Lekeition!

01/10/19

Ireki da jada aurtengo Kameratoian parte-hartzeko deialdia, 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako euskarazko ikus-entzunezkoen rallya.

Euskaltzaleen topaguneak eta Euskal Zine Bilerak bat egiten dute euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena indartzeko ekimen honetan eta aurten ere Kameratoia Lekeition izango dugu.

Urriaren 25etik eta 27ra ospatuko den euskarazko ikus-entzunezkoen rallyaren izen ematea Kameratoia.eus web orrialdean egin ahal izango da urriaren 23ra arte. Lehenengo 30ek gainera, Lekeitioko Trinkete Aterpetxean egonaldia eta gosaria doan izango dute lanak aurkeztearen truke.

Urriaren 25etik 27ra bitartean burutuko dira lanak

Gaia urriaren 25ean emango da, 26an grabaketak hasiko dira eta 27an Ikusgarri zine aretoan aurkeztuko dira. Gaiaren inguruan hausnartu, gidoia idatzi, grabatu eta irudiak muntatu. Sormenezko ariketa honetan, Lekeitio eta bere kaleak izango dituzte parte-hartzaileek haien lanak aurrera eramateko eta noski, filma lasaitasun osoz muntatzeko gune bat jarriko da partaideen eskura.

Sari potoloak lan onenentzat

Film labur onenak 1.000 euroko saria jasoko du eta bigarrenak 600 euro. Horretaz gain, publikoa protagonista izango da ikuslearen sariaren irabazlea aukeratuz.

Era berean, Kameratoiko lehen sariaren irabazlea Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako Laburbira zirkuitu ibiltariaren barruan sartuko da. Gainera, lehenengo eta bigarren sarituak Durangoko Azokaren barnean antolatzen den DemaSA (Sortzaile Amateurren Dema) lehiaketan parte hartuko dute, Euskal Herriko beste lehiaketetako finalistekin batera.