Cerrar
_DSC4477_DSC4344_DSC4449

Marilyn taldearen “Urak dakarrena” lanak irabazi du 15. Kameratoia Lekeition

29/10/19

Guztira 9 lan aurkeztu dira Euskaltzaleen Topaguneak Lekeitioko Euskal Zine Bilerarekin batera antolatzen duen ikus-entzunezko rally honetan. Aurreko edizioetan ez bezala, urte honetan berritasun modura laburmetraien gaia online bidez eman izan zaie parte-hartzaileei urriaren 25ean. “Zergaitik ez?” izan da 15. Kameratoiaren gaia, eta aurkeztutako lanek sormen handia erakutsi dute galdera hau erabiltzeko orduan. 

Gaiarekin batera ezaugarri ezberdinak txertatu behar izan dituzte laburmetraian balorazio orokorrean puntuak lortzeko. Lekeitioko txokoak izan dira hirugarrenez euskal sortzaile hauen lekukoak eta askotan protagonistak lanetan. Horretaz gain, musikarekin lotura duten instrumentuak sartu behar izan dituzte lanetan. Izan ere, edizio honetan musika izan da ardatz eta antolatzaileek keinu bat egin nahi izan diote Lekeitioko musika talde baten abestiaren titulua erabiliz.

Sari banatuak

Beste urte betez Ugaitz Alegria aktorea izan da urriaren 27an Ikusgarri Zine Aretoan ospatu den laburmentrai emanaldien eta sari-banaketen aurkezle eta epaimahaia. Ugaitzekin batera Itziar Ituño aktorea eta Yoruginha Borova musikaria izan dira aurkeztutako ikus-entzunezkoen lanak baloratzen. Hiru epaimahaikideek antolatzaileekin bat egin dute lanen kalitatea nabarmenduz. 

Lehen saria (1.000 euro) Marilyn taldearen “Urak dakarrena” lanarentzat izan da. Neskez osoturiko talde ondarrutar honek komediazko lan bat aurkeztu zute pil-pilean eta zer esan handi eman duen gai bat jorratuz. Ikusi laburmetraia hemen 

Bigarren saria (600 euro) “Sonder” izenburua duen Emeki taldearentzat izan da.  EHU-ko ikus-entzunezko ikasleek elkarrizketa formatuan egindako lana aurkeztu zuten, sentipen kontzeptu barri bat aurkeztuz. Ikusi laburmetraia hemen.

Ikuskizunera bertaratu zirenek ere, laburmetrai gustukoena bozkatzeko aukera izan dute. Honela Neuke Produkzioaren “Gure artean” lanak jaso zuen publikoaren botoa, Publikoaren Saria irabaziz. Ikusi laburmetraia hemen.